Folio birakaria

Hezitzaileak lan bat emango die oinarri-taldeei (hitz-zerrenda bat; kontakizun bat idaztea; zer dakiten gai jakin bati buruz, aldez aurreko ideiak ezagutze aldera; irakurri berri duten testuaren edo ikasten ari den gaiaren ideia nagusia laburtzen duen esaldia...), eta taldekideetako bat bere zatia edo ekarpena idazten hasiko da folio birakarian.

Jarraian, erlojuaren orratzen norabideari jarraituta, ondoan duen kideari pasatuko dio. Horrek bere zatia idatziko du folioan; hala, bata bestearen segidan, taldeko kide guztiek parte hartu arte.

Parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko irizpideak:

  • Taldeko kide guztiek hasi behar dute txanda noiz edo noiz. Hala, denek eman ahal izango dute iritzia, beste inork ezer idatzi aurretik.
  • Idaztea tokatzen zaionak, lehenik eta behin, kideei esango die zer idatziko duen; ikaskideek zuzena edo egokia den erantzungo diote.
  • Batek idazten duen bitartean, taldeko gainerako kideak adi egongo dira ondo egiten duen aztertzeko. Gaizki egiten badu, zuzendu egingo diote, noski. Talde guztia da folio birakarian idatzita dagoenaren erantzule –ez bakoitza bere zatiarena bakarrik–.

Ikasle bakoitzak bere izena idatziko du folioaren goialdean, errotulagailuz eta kolore jakin batez. Idaztea tokatzen zaion bakoitzean, kolore bereko errotulagailua erabiliko du. Hala, argi ikusiko da bakoitzaren ekarpena.

 

» Glosategia