Glosategia


Gune osoan zehar ager daitezkeen kontzeptuen inguruko azalpenak.

Browse the glossary using this index

Special | A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | Q | R | S | T | U | V | W | X | Y | Z | ALL

1

1-2-4 teknika

Irakasleak galdera edo gai bat proposatuko dio talde osoari, eman berri duen azalpena zenbateraino ulertu duten egiaztatzeko edo azaldu berri duen zerbait praktikan jartzeko, esate baterako. Irakasleak txantiloi bana banatuko die parte-hartzaileei. Txantiloi horrek hiru lauki izango ditu (bat «1. egoerarako», beste bat «2. egoerarako» eta beste bat «4. egoerarako»). Bertan, erantzunak apuntatuko dituzte.

Oinarri-taldearen barruan, irakasleak egindako galderaren erantzun zuzena pentsatu eta lehenengo laukian idatziko dute («1. egoera»). Gero, binaka jarriko dira. Bakoitzaren erantzunak partekatu eta horiei buruz hitz egingo dute, eta, bi erantzunekin bat egin ostean, bakoitzak bere bigarren laukian idatziko du («2. egoera»). Azkenik, talde osoak, taldeko bi «bikoteek» emandako erantzunak erakutsi ondoren, erantzun egokia osatuko du («4. egoera»).

Parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko irizpideak:

  • Denek parte hartzea sustatu behar da, «1. egoeratik» hasita. Uneren batean taldeko kideren batek zer erantzun ez badaki edo blokeatuta gelditzen bada, beste kideren batek edo irakasleak argibideren bat eman diezaioke, egoki iruditzen bazaio.
  • «2. egoeran» eta «4. egoeran» parte-hartzaileek beren erantzuna azaltzen dutela bermatu behar da, baita gainerakoen erantzunei buruzko iritzia ematen dutela eta guztien artean 
    • ondoen iritzitakoa aukeratzen dutela ere; erantzun hori taldeko norbaitek emandakoa izan daiteke, baina guztien ekarpenarekin osatu duten beste bat ere izan liteke. Denek parte hartzeko aukera izan dezaten, «4. egoeran» bi bikoteetako kideak txandatuko dira (ariketa bana) osatu duten erantzuna beste bikoteari azaltzeko.
    Parte-hartzaileren batek bere erantzuna inposatzea saihestu behar da, baita taldekideek norbaiten erantzuna besterik gabe onartzea ere.

 


A

Arkatzak erdira

Irakasleak talde bakoitzari orri bana banatuko dio. Orriak oinarri-taldeko kideak beste galdera edo ariketa izango ditu, eskolan landutako gaiari buruzkoak (oro har, lau). Ikasle bakoitza galdera edo ariketa batez arduratuko da:

  • Ozen irakurriko du eta galderari erantzuteko eta ariketa egiteko moduari buruzko iritzia ematen lehena izango da.
  • Jarraian, taldeko kide guztiei beren iritzia galdetuko die; ordena zehatza jarraituko du (erloju-orratzen noranzkoa, adibidez) eta kide guztiek informazioa eta iritzia ematen dutela bermatuko du.
  • Adierazitako iritzi guztiak oinarri hartuta, eztabaidatu egingo dute eta guztien artean erabakiko dute zein den erantzun egokia.

Azkenik, egiaztatuko dugu erantzuna edo ariketa denen artean erabaki duten bezala ulertzen dutela guztiek, bai eta koadernoetan apuntatzen dutela ere.

Ariketen ordena zehaztuko da. Ikasle batek «bere» galdera edo ariketa ozen irakurtzen duenean, bakoitzak bere iritzia ematen duen bitartean, eta denen artean ariketa nola egiten den eta emaitza zuzena erabakitzen duten bitartean, arkatzak edo boligrafoak mahai erdian jarriko dituzte; une horietan hitz egin eta entzun bakarrik egin daiteke. Denek argi dutenean ariketan zer egin behar den edo nola erantzun behar den, arkatza hartu eta ariketa egingo dute koadernoan. Une horretan ezin da hitz egin, idatzi baino ez.

Jarraian, berriro jarriko dira arkatzak mahai erdian, eta gauza bera egingo dute beste ikasle batek egindako galdera edo gai batekin.

Parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko irizpideak:

  • Taldeko kide guztiek izan behar dute aukera txandari ekiteko; alegia, lehenengo ariketa «zuzentzen» duena izateko. Bera izango da beti ariketa ebazteko edo egiteko moduari buruz iritzia ematen lehena. Hala, denek eman ahal izango dute iritzia, beste inork ezer idatzi aurretik.
  • Txandako lehena ikasteko zailtasun gehien dituen ikaslea bada, aurrez laguntza eska diezaioke taldeko kideren bati («Zuri ariketa hau “bideratzea” tokatuko zaizu biharko saioan, nola uste duzu ebatzi behar dela?»), baita nolabaiteko «argibideren» bat ere, baina ezin dio inoiz zuzenean «diktatu» esan behar duena.
  • Ikasle batek ariketa irakurri eta iritzia eman ondoren, gainerakoen txanda izango da. Ordena zehatz eta zorrotzari jarraiki emango dituzte iritziak, norbait aurreratzea eta bere iritzia ematea (eta inposatzea) saiheste aldera.
  • Norbaitek bere iritzia inposatzea saihestu behar da. Litekeena da talderen batean kide jakin batek irizten diona egitea; edonola ere, denek iritzia eman ondoren eta ikuspuntuak jakinarazteko aukera izan ondoren. Gainerako kideek edo irakasleek ikasle barnerakoienak edo lotsatienak akuilatu behar dituzte, parte hartzeari dioten beldurra gainditu dezaten.
  • Eztabaida, elkarrizketa eta adostasuna (aldi baterako elkarrekintza) sustatu behar dira, eta bat-bateko edo gutxi hausnartutako erantzunak, berriz, saihestu.

Ez da beharrezkoa beti lau ariketa egitea. Denboraren arabera hiru egin daitezke, edo bi, edo bakarra; baina parte hartzeko ordena eta bi momentuak (arkatzak erdira hitz egiterakoan eta isiltasuna idazterakoan) beti errespetatu behar dira.

 


F

Folio birakaria

Hezitzaileak lan bat emango die oinarri-taldeei (hitz-zerrenda bat; kontakizun bat idaztea; zer dakiten gai jakin bati buruz, aldez aurreko ideiak ezagutze aldera; irakurri berri duten testuaren edo ikasten ari den gaiaren ideia nagusia laburtzen duen esaldia...), eta taldekideetako bat bere zatia edo ekarpena idazten hasiko da folio birakarian.

Jarraian, erlojuaren orratzen norabideari jarraituta, ondoan duen kideari pasatuko dio. Horrek bere zatia idatziko du folioan; hala, bata bestearen segidan, taldeko kide guztiek parte hartu arte.

Parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko irizpideak:

  • Taldeko kide guztiek hasi behar dute txanda noiz edo noiz. Hala, denek eman ahal izango dute iritzia, beste inork ezer idatzi aurretik.
  • Idaztea tokatzen zaionak, lehenik eta behin, kideei esango die zer idatziko duen; ikaskideek zuzena edo egokia den erantzungo diote.
  • Batek idazten duen bitartean, taldeko gainerako kideak adi egongo dira ondo egiten duen aztertzeko. Gaizki egiten badu, zuzendu egingo diote, noski. Talde guztia da folio birakarian idatzita dagoenaren erantzule –ez bakoitza bere zatiarena bakarrik–.

Ikasle bakoitzak bere izena idatziko du folioaren goialdean, errotulagailuz eta kolore jakin batez. Idaztea tokatzen zaion bakoitzean, kolore bereko errotulagailua erabiliko du. Hala, argi ikusiko da bakoitzaren ekarpena.

 


I

Irakurketa partekatua

Testuak.  esate baterako, testuliburuko unitate didaktiko bateko sarrera, modu partekatuan irakur litezke. Taldekide batek lehendabiziko paragrafoa irakurriko du. Gainerakoek oso adi egon beharko dute; izan ere, hurrengoak (erloju-orratzen noranzkoari jarraituta, adibidez) aurreko kideak irakurritakoa azaldu edo horren laburpena egin beharko du, eta beste bik zuzena edo okerra den esan beharko dute, edo bigarrenak esandakoarekin ados dauden edo ez.

Hurrengo ikasleak (bigarrenak; alegia, lehendabiziko paragrafoaren laburpena egin duenak) bigarren paragrafoa irakurriko du, eta hurrengo ikasleak (hirugarrenak) horren laburpena egingo du. Ondoren, beste bi ikaslek (laugarrenak eta lehenengoak) laburpena zuzena edo okerra den esango dute.

Hala, bata bestearen segidan, testu osoa irakurri arte.

Testuan inork ulertzen ez duen esamolderik edo hitzik agertzen bada, hiztegian kontsulta egingo dute; horren ostean ere ulertzen ez badute, taldeko bozeramaileak irakaslea jakinaren gainean jarriko du. Hala, irakasleak gainerako taldeei galdetuko die ea hitza ezagutzen duten eta ea lagun dezaketen, gainerakoak ere testu bera irakurtzen arituko baitira. Hala baldin bada, ozen azalduko du; gainera, hitz edo esamolde horren zentzua nola aurkitu duten argituko du.

Aldaera:

Idatzizko testuaren ordez, ikasleek bideo, diapositiba, argazki edo marrazki batzuen iruzkina egin dezakete zatika, beharrezko egokitzapenak egin eta gero… Ordena jakin bati jarraituta, parte-hartzaile bakoitzak zer ikusi duen laburtuko du (bideo baten eszena bat baldin bada), edo argazkiak, irudiak edo marrazkiak bere ustean zer esan nahi duen azalduko du. Gainerakoek galderak egingo dituzte, esandakoa zehaztu edo zabaldu, iritzia eman…

Parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko irizpideak:

  • Egitura hori aplikatzen den bakoitzean, ikasle batek hasiko du txanda; hala, taldeko kide guztiek izango dute parte hartzen lehenak izateko aukera.
  • Ikaskideak irakurri berri duena «bere hitzekin» laburtu beharko du ikasleak, testua «berriro irakurri» gabe.
  • Azkenik, taldeko gainerako kideek parte hartuko dute, eta kideetako batek irakurritako paragrafoari buruz beste kide batek egindako laburpenarekin ados dauden adieraziko dute; horrez gain, laburpenari zehaztapenak edo zuzenketak egingo dizkiote. Ahal dela, laburpena ez da besterik gabe onartu behar.