Gune osoan zehar ager daitezkeen kontzeptuen inguruko azalpenak.

Bilatu glosarioan aurkibide hau erabiliz

Berezia | A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | Ñ | O | P | Q | R | S | T | U | V | W | X | Y | Z | GUZTIAK

A

Arkatzak erdira

Irakasleak talde bakoitzari orri bana banatuko dio. Orriak oinarri-taldeko kideak beste galdera edo ariketa izango ditu, eskolan landutako gaiari buruzkoak (oro har, lau). Ikasle bakoitza galdera edo ariketa batez arduratuko da:

  • Ozen irakurriko du eta galderari erantzuteko eta ariketa egiteko moduari buruzko iritzia ematen lehena izango da.
  • Jarraian, taldeko kide guztiei beren iritzia galdetuko die; ordena zehatza jarraituko du (erloju-orratzen noranzkoa, adibidez) eta kide guztiek informazioa eta iritzia ematen dutela bermatuko du.
  • Adierazitako iritzi guztiak oinarri hartuta, eztabaidatu egingo dute eta guztien artean erabakiko dute zein den erantzun egokia.

Azkenik, egiaztatuko dugu erantzuna edo ariketa denen artean erabaki duten bezala ulertzen dutela guztiek, bai eta koadernoetan apuntatzen dutela ere.

Ariketen ordena zehaztuko da. Ikasle batek «bere» galdera edo ariketa ozen irakurtzen duenean, bakoitzak bere iritzia ematen duen bitartean, eta denen artean ariketa nola egiten den eta emaitza zuzena erabakitzen duten bitartean, arkatzak edo boligrafoak mahai erdian jarriko dituzte; une horietan hitz egin eta entzun bakarrik egin daiteke. Denek argi dutenean ariketan zer egin behar den edo nola erantzun behar den, arkatza hartu eta ariketa egingo dute koadernoan. Une horretan ezin da hitz egin, idatzi baino ez.

Jarraian, berriro jarriko dira arkatzak mahai erdian, eta gauza bera egingo dute beste ikasle batek egindako galdera edo gai batekin.

Parte-hartzea eta elkarrekintza bultzatzeko irizpideak:

  • Taldeko kide guztiek izan behar dute aukera txandari ekiteko; alegia, lehenengo ariketa «zuzentzen» duena izateko. Bera izango da beti ariketa ebazteko edo egiteko moduari buruz iritzia ematen lehena. Hala, denek eman ahal izango dute iritzia, beste inork ezer idatzi aurretik.
  • Txandako lehena ikasteko zailtasun gehien dituen ikaslea bada, aurrez laguntza eska diezaioke taldeko kideren bati («Zuri ariketa hau “bideratzea” tokatuko zaizu biharko saioan, nola uste duzu ebatzi behar dela?»), baita nolabaiteko «argibideren» bat ere, baina ezin dio inoiz zuzenean «diktatu» esan behar duena.
  • Ikasle batek ariketa irakurri eta iritzia eman ondoren, gainerakoen txanda izango da. Ordena zehatz eta zorrotzari jarraiki emango dituzte iritziak, norbait aurreratzea eta bere iritzia ematea (eta inposatzea) saiheste aldera.
  • Norbaitek bere iritzia inposatzea saihestu behar da. Litekeena da talderen batean kide jakin batek irizten diona egitea; edonola ere, denek iritzia eman ondoren eta ikuspuntuak jakinarazteko aukera izan ondoren. Gainerako kideek edo irakasleek ikasle barnerakoienak edo lotsatienak akuilatu behar dituzte, parte hartzeari dioten beldurra gainditu dezaten.
  • Eztabaida, elkarrizketa eta adostasuna (aldi baterako elkarrekintza) sustatu behar dira, eta bat-bateko edo gutxi hausnartutako erantzunak, berriz, saihestu.

Ez da beharrezkoa beti lau ariketa egitea. Denboraren arabera hiru egin daitezke, edo bi, edo bakarra; baina parte hartzeko ordena eta bi momentuak (arkatzak erdira hitz egiterakoan eta isiltasuna idazterakoan) beti errespetatu behar dira.